XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta Pascualek zehatz-mehatz eman zion mutilaren egoeraren berri... ba al daki berorrek, fraideen esanetan, estudiante aparta dela?... abokatua izatea izango litzake haren ametsa, baina ametsak ez betetzeko egin ziren, ongitxo dakit nik hori...

- Negarra ez duk konponbidea, Pascual... -esan zion lurjabeak, erdi ahaztuta zituen Paulinoren etxe-lurrak burura zetozkiolarik ostera.

Don Narcisoren hitzek noraezean utzi zuten Pascual.

- Hara: mutil horrek bere ametsak ditu, eta nik neureak.

Amets bat beste amets baten truke...

Pascuali zeozer ulertzen hasia zela iruditu zitzaion, baina ez zegoen oso ziur eta, besagainak gora mugituz, argibideak eskatu zizkion.

- Ni lurjabea nauk eta lurrak nahi dizkiat, zenbat eta lur gehiago hobe: mutilaren lur horiek, gainera, nire azken urteotako buruhauste bihurtu hituan, hik badakik zergatik, eta bide erdian geratutako historia hura oraintxe biribil genezakek... -jarraitu zuen lurjabeak-.

Bai, ezin uka zezakeat lur haiek nireganatuz gero, oraindik ere halako poz berezia hartuko nukeela....

Baina abokatua izatea, bestalde, ez duk ahuntzaren gauerdiko eztula eta karrera hori ez zegok dohain ordaintzerik: beraz, bere garaian egin dezakegun tratuan, mutilaren lurrak ezezik, etxea ere tartean sartu beharko genikek.

Eta hik, Pascual, ikazkintza utzi eta lur horiek lantzen hasi beharko huke oraindanik, mutilaren tutorea izanda hartarako eskubidea badaukak eta, haren ondasunen administratzailea haizenez gero.

Ez dakik zer amorru ematen didan, izan ere, lurrak horrela galtzen ikusteak sasi eta amapolen artean.